KIRIKETAN-EKO BEGIRALE HEZITZAILEAK

Gure heziketaren helburu nagusia euskararen erabileran eragilea izanik, hezitzailea izateaz gain, sustatzailea ere izan behar du. Haurren artean euskararen erabilera bultzatzeko tresnak eta bideak eduki behar ditu. Euskaraz hitz egiteko aukerak sortu beharko ditu.

Hezitzaileak jolasa girotu beharko du, horregatik hezitzailea Olentzero bezalakoa izan beharko luke. Olentzerok hiru ezaugarri ditu: Bihotz oneko pertsona bat da, haur bakoitzari dagokion oparia ekartzen dio eta oso azkarra da, gau batean guztia egiteko gai baita.

Olentzerok zakua jostailuz beteta eramaten du. Baloiak bakarrik eramango balitu, haur batzuk bakarrik poztuko lirateke Olentzero ikusteaz. Horrela hezitzaileak ere teknika eta jolas asko jakin behar ditu, hiru bakarrik ezagutuko balitu hiru horiek besterik ez lituzke egingo. Hezitzailearen zakua eskarmentuz, begikotasunez, gaitasunez, teknikaz eta jolasez beteta egon beharko luke, jolas erakargarriak eta desberdinak proposatu ahal izateko. Zakuaren barruan dituen gauzak bizkor eta azkar erabiliko ditu taldea pozik ibili dadin.

Kontuan izan behar da, jardueraren kalitatearen gakoa batetik programa eta metodoa direla eta bestetik hezitzailea. Hezitzailearen hizkuntza maila, eta oro har, jakituria, esperientzia, sormena, gogoa, sortzen dituen afektu eta segurtasun harremanak, exijentzia mailak... ageri dira jardueraren kalitatearen oinarrian. Maila handi batean, eraginkortasuna motibazioan datzala deritzogu, beraz hezitzailearen gogo eta prestakuntza oinarrizkoak dira. Horregatik, astero bilera bat izaten dugu koordinatzaile eta hezitzaileen artean, egitaraua azaldu, dudak argitu eta ekarpenak edo aldaerak baloratuz. Garrantzia izaten dute bilera hauek, hezitzaile berriek zaharren esperientziaz baliatu daitezkeelako eta jolasek dituzten barianteak jorratzeko aukera dutelako.

Begirale Hezitzaile baten ezaugarriak:

  • Jolasetan aditua, jantzia eta trebea izan beharko du. Jolas eta teknika asko jakin behar ditu, eta adin desberdinetara egokitzen jakin edo saiatu beharko du.
  • Saioak antolatzeko eta aurrera eramateko gai izango da. Horretarako trebetasun pertsonalak ere erabili beharko ditu.
  • Erne egongo da eta nagusitasun negatiboak positibo eraldatzen saiatuko da. Jolasak duen alde erakargarritasunaz baliatu ahal izango da aldaketa hauek errazago moldatuz.
  • Hezitzaileak egoerak aztertuko ditu eta hortaz baliatuko da egoera berezietan jolas aproposak eskaintzeko, haurren arreta eta interesa pizten .
  • Hezitzailea jolasean murgilduko da gustukoa duelako, haurrekin batera gozatu eta moldatzen jakingo du. Oso garrantzitsua izango da lehenengo parte hartzailea hezitzailea izatea.
  • Hezkidetza kontuan izango du. Horregatik kontzientea den prozesu hezitzailea da, eta neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritzeaz gain, pertsonen garapen integrala lortzen saiatuko gara.
  • Beste hezitzaileekin batera asteko bileratan parte hartuko du, erabiltzen dituen teknikak ezagutzera emanaz.
  • Jardueraren helburu nagusia euskararen erabileran eragilea izanik, hezitzailea izateaz gain, sustatzailea ere izan behar du. Haurren artean euskararen erabilera bultzatzeko tresnak eta bideak eduki behar ditu. Euskaraz hitz egiteko aukerak sortu beharko ditu.