JOLASAREN GARRANTZIA

Haurtzaroan jarduera nagusia jolasa da, eta aro horren garapena beharrei erantzuten die, eta berari esker gorputza, adimena, afektibitatea, sormena eta soziabilitatea harmonian garatzen dira. Bizitza heldurako prestakuntza iturri dira jolasak, eta agian orain umeak direnei bizitzan tokatuko zaien egoera dibertigarriak, arazotsuak eta batzuetan baita egoera xelebreak ere esperimentatzeko aukera ematen diete.

Jolasa, haurren ekintza garrantzitsuenetariko bat da, haurraren berezko bide naturala, giza garapena ahalbidetzen duten hainbat prozesu kognitibo, afektibo, sozial… abian jartzeko. Haurrek, jolasa behar dute ikasteko; azken finean, hauen bidez, konpartitzen, ingurukoei laguntza eskaintzen, galtzen, irabazten, arauak jartzen eta errespetatzen, elkarri laguntzen, amets egiten, komunikatzen… ikasten dute.

Jolasa ezinbestekoa da giza garapenean. Gorputza eta zentzumenak garatzen laguntzen du, baita pentsamenduaren gaitasunak eta haurraren sormena ere. Indar handiko tresna da, komunikatzeko, sozializatzeko eta garapen morala lantzeko; horrez gain emozioak adierazteko eta kontrolatzeko trena ere bada, oreka psikikoaren eta buru osasunaren lagungarri. Zalantzarik gabe, jolasen bidez ikasten duguna ez da geratzen jolasaren eremuan, orokortu egiten da, eguneroko bizitzako beste egoera batzuetara hedatzen da, eta unean uneko jokabidean eta etorkizunean ere islatzen da.

Haurrentzat jolasa kontu serioa da. Jolasean dabiltzan haurrei erreparatzen badiegu, deigarria da zein serio ari diren ikustea. Helduentzat lanak duen balio bera du jolasak haurrarentzat; jolasean bere nortasuna baieztatzen du, eta zerbait ongi egiten duenean, harro sentitzen da. Jolasa froga bat izaten da haurraren nortasunarentzat, eta horregatik da gauza serioa. Jolasean zerbait ongi egiten duenean, autoestima hobetzen du. Haurrak bere nortasuna baieztatzeko erabiltzen duen mekanismoa da.

Haurren sozializazio prozesuan jolasa komunikaziorako eta sozializaziorako trena indartsua da. Haurra, bakarkako jolasak utzi eta sozializazio garaian sartzen denean, jolasa izaten da prozesu horretan komunikatzeko erabiltzen duen baliabidea. Jolasa ekintza askea, naturala, dohainekoa eta atsegina da. Jolasa asetasunaren eta pozaren iturria da.